Lurraren Hotsa Joaldunak

Lurraren Hotsa – Ohitura bizia

Lurraren Hotsak aspaldi handiko ohituren zaintzan parte hartzen duten gizonak, emazteak eta haurrak biltzen ditu.
Elkarteak erakustaldiak eta animazioak proposatzen ditu ekitaldi publikoetan, jestuak, jantziak eta ezaugarriak beti errespetatuz.

Joaldunak ikustean, berehala harridura nagusitzen da:
joaeren oihartzunak, neurkada zorrotzak, dantzan dabiltzan xingolek eta taldearen kemen indartsuak ikusle ttipi eta handiak errotik markatuko dituen giro paregabea pizten dute.

Esku hartzen dugu:

  • tokiko bestetan,
  • elkarteentzat,
  • besta batzorde eta Herriko Etxeentzat,
  • kultura-ekitaldietan,
  • edo euskal kultura balioan ezarri nahi duten edozein ekitalditan.

Elkartea Euskal Herri osoan gaindi eta departamendu mugakideetan ibiltzen da eta beste eskualde edo herrialdeetan eramateko proiektuak iker ditzake.

Janzteko eta eranzteko erritua

Jantzien apailatzea funtsezko unea da. Ospakizun araudi bati jarraikitzen diola dirudi.
Jestu bakoitzak badu bere garrantzia:

  • joareak zehazki kokatu,
  • sokak aldi berean tiratu,
  • zaiazpikoa zuzendu,
  • ardi larrua finkatu,
  • tunturroa, xingolak eta osagaiak ongi direla zaindu,
  • isipua prestatu.

Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den erritu horrek metodoa, lasaitasuna eta elkartasuna eskatzen du.
Une horretan dira joaldunen jestuak, baloreak eta izpiritua bera transmititzen.

Nor dira joaldunak?

Joaldunak – joareak dituztenak – euskal ondarearen ezaugarrizko pertsonaia zaharrenetarikoak dira. Izadiaren zikloari loturiko kristautasunaren aitzineko errituetan oinarriturik, negua eta udaberriaren arteko trantsizioa, bazterrak garbitzea, izpiritu gaiztoak uxatzea, gizataldea babestea eta izadiaren eta negu lotik ateratzen den hartzaren iratzartzea mamitzen dute.

Beren jantziek aspaldiko osaketari jarraikitzen diote, kodifikatua eta sinbolo handikoa:

  • zaiazpikoa, emetasun eta emankortasunaren ezaugarri, izadiarekin lotura zuzenean,
  • ardia larrua sorbalda gainean edo sorbaldatik dilindan eramanik hotzetik gerizatzeko,
  • tunturroa xingola koloretsuz eta batzuetan lumaz apaindurik,
  • bi joare handi bizkarraren peko aldean tinko loturik izadia eta hartza “iratzartzeko”,
  • isipua, jestu motz eta jakin batez maneiatua izpiritu gaiztoak izitzeko.

Maiz etnologoek joaldunak xaman pertsonaiekin lotzen dituzte: urrats neurkatuak, hots sakoneko joareak eta isipuen jotze erritualak gogo gaiztoko indarrak uxatzeko, eritasuna haizatzeko eta asturu ona erakartzeko erabiliak ziren.

Erritu horrek bizitzari itzultzeko garaia markatzen du, udaberriaren totema den hartzaren inguruko Europako mitoei lotua izan daitekeena.

Elkarteburuaren hitza

Badira bizi bat markatzen duten hotsak.
Joaldunen joareak horietakoak dira. Lurrean, gure gorputzetan eta gure oroimen kolektiboan durundatzen dute. Nondik gatozen eta transmititu nahi duguna gogorarazten digute.

Asmo honekin sortu zen gure elkartea.
Lurraren Hotsak elkarrekin gabiltzalarik sentitzen duguna adierazten du zehazki: dardara sakona, lokarri zaharra, norbera baino handiagoa den eta biltzen gaituen zerbait.

Joaldun izatea ez da soilik jantziak soinean eramatea.
Belaunaldiz belaunaldi transmitituriko erritmo batean sartzean datza.
Joareen neurkadei jarraitzean, arbasoen jestuak berriz aurkitzean eta pixkanaka taldearen kemena nagusitzen sentitzean datza.
Batzuetan, gorputzak kasik automatikoki ibiltzen dira: gogoa biltzeak, errepikakortasunak eta joaeren hotsek egoera berezia, sakona sortzen dute, trantze menperatu arin baten antzekoa.

Gaur egun, Lurraren Hotsak gogo bera duten gizon eta emazteak biltzen ditu: ohitura hori zaintzea, biziaraztea eta transmititzea, horren historia errespetatuz.
Gazteen aldeko transmisioa funtsezkoa da tradizioak iraun dezan.

Ateratzen garen aldi bakoitzean, joaldunen indarra egiten duena aurkitzen dugu:
lehen joareak entzun aitzineko isiltasuna,
plantatzen den martxa,
publikoaren soak,
eta taldean dabilen kemen paregabea.
Hor izateko zergatia gogorarazten diguten hainbat une.

Lurraren Hotsa talde bat da, engaiamendu bat, eta elkarrekin eramateko erabaki dugun tradizio bat.

Sustatzen gaituztenei, gure ikustera etortzen direnei edo egunen batean gure ondoan ibiliko direnei: milesker.

 

Francis Etcheverry
Elkarteburua – Lurraren Hotsa

Gure bazkideak

Argazki galeria